Sakana haraneko Ziordian, elkarrekin bizitzeko proiektua

Armiarmak Euskal Herriaren erdigunean ehundu du amarauna, Sakana haraneko Ziordian (Nafarroa), Arakil ibaiaren ertzean, Eginoko haitzen magalean eta A-1 autobidearen alboan, Araba eta Nafarroa arteko mugan. XIX. mendearen hasieran habiak errotaz jantzi zuen bere burua, ehun lantegia ere izan zen, geroago karlistadetan ospitale eta XX. mendean Hermanas de Nuestra Señora de la Compasión ordena frantseseko mojen komentu. XXI. mendea Amarauna proiektuarena da.

3.000 m2-ko eraikina dute eta 30.000 m2-ko espazioa lurra landu eta bakoitzak bere proiektuak elikatzeko, guztia 320.000 eurotan erosteko aukerarekin.

Amarauneko proiektua ez da bertako bizilagunentzat bakarrik, proiektu zabala egiten ari dira, nahi duten herritarren artean eraiki eta gozatzeko. Bide horretan, 2017tik gaurdaino dozenaka herri mugimendu eta talde pasatu dira bertatik, ehunka lagun jardunaldiak eginez, topaketetan lanean edo aisialdian. Otsaileko egun argi eta hotzean infusio banarekin jarri gara sukaldean Itsaso eta biok: “Hau Euskal Herriaren erdigunean dago, oso posizio onean taldeek eta herritarrek toki zoragarri honetaz goza dezaten eta hori da guk nahi duguna, lanerako eta gozamenetako espazio duin eta eder bat eskaintzea. Ez daude halako asko eta merezi du baliatzea”.

Azken hiru urteetan molde askotako bilkura eta topaketa egin dira bertan, haien webgunean (https://amarauna.eus/) ikus litekeen bezala: Joxemi Zumalabe Fundazioa, Madrilgo Tabarilea emakumeen batukada taldea, AHT Gelditu!, Landa okupazioaren aldeko topaketak, Reclaim the Fields, Maravillas gaztetxearen aldeko festa, Revolución Integral, Emaginak, Con Ojos de Mujer, Askapena, elikadura burujabetzakoak eta beste ugari…

40 bat lagunek osatzen dute Amarauna elkartea, bakoitzak urtean 70 euroko kuota jartzen du, eta honek ematen die espazio guztiaz gozatzeko aukera. Partaide guztietatik hamar kidek osatzen dute talde motorra eta hauek ardura gehiago ere badituzte, horien artean daude datozen taldeen kudeaketa eta, espazioaren mantenuan eta garbiketan parte hartzea. Eraikina eta lurraren erosketa bideratzeko, ostera, Armiarma kooperatiba sortu dute, oraingoz lau kidez osatua: Izar, Jordi, Itsaso eta Carlos. Kooperatiba izango da eraikinaren eta lurraren jabe, eta hamabost bat pertsonez osatu nahiko lukete, beren kalkuluen arabera, kopuru hori ona izan daitekeelako espazio honetan elkarrekin bizitzeko eta, aldi berean, Amarauna proiektua aurrera ateratzeko. “Zelanbait irudikatzeko –diote haiek–, espazioaren laurdena bertan biziko direnentzat izango da eta beste hiru laurdenak kolektiboentzat. Bertan bizi direnek ere, ez dute euren etxea izango, zentzu klasikoan; etxeak kooperatibak banatuko ditu erabilerarako, beharren arabera”.

Bertan bizi direnek ere ez dute euren etxea izango, zentzu klasikoan; etxeak kooperatibak banatuko ditu erabilerarako, beharren arabera

Hainbat zereginetarako erabiltzen da Amarauna. Beharrik handiena taldeen kudeaketa da, baina horrez gain, garagardoa ekoizten da, fruta batu eta marmelada egin, bi behor ere badira, behi gutxi batzuk, erleak ere lantzen ditu batek, asteazkenero biodantza egiten dute dozena bat lagunek… Bazkide bakoitzak bere proiektua gara dezake bertan.

gehiago jakiteko sakatu